EUSKALDUNON EGUNKARIA, 2000/01/23


      Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

      «Borrokaldi berriarekin irtenbidea euskal herritarren esku dagoela adierazi nahi dugu»

      Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren izenean bi bozeramailek EUSKALDUNON EGUNKARIA eta Gara-ri eskaini elkarrizketan egoera aztertzen dute • Prozesu politikoaren aldeko apustua egiten dute bertan, eta eurek gose greba mugagabearekin egin legez, gizarteari aktiboki aritu dadila eskatzen diote.


      • Zergatik gose greba mugagabea orain?

      Espetxe eta preso bezainbeste arrazoi dago horrelako borrokaldi gogorra hasteko. Baina borrokaldi hau ez dugu gure 'arazo domestikoak' konpontzeko edo euskal gizartea sentiberatzeko egiten. Egoera politikoak eta Euskal Herriko prozesuak horrela eskatzen dutelako baizik; eta Kolektiboak barne-indarra eta kanpo-babesa duelako erronka honi erantzuteko.

      Zatiketa eta damuketaren bataila irabazi duten gerla bahituak gara, etsaiaren arma nagusia izan den sakabanaketaren estrategia porrotera eraman duten euskal herritarrak gara, geure posizioetan tinko mantenduz zigor politika inoperante bilakatu dugu. Prezio garestia ordaindu behar izan badugu ere. Etsaiak inmobilismo jarrera mantenduz euskal gizartean etsipena hedatu nahi du, porrot hori garaipen bihurtu dezakeelakoan.

      Gauzak oso bestela dira orain, presook Euskal Herriko prozesuari bultzada emateko ahalmena eskuratu dugu. Duintasunetik eta sendotasunetik abiatu dugu borrokaldi berri hau, Euskal Herriak bere askatasuna lortzeko aukera paregabea duelako. Gatazkaren parametroak inoiz baino argiago pausatuak direla ikusiz, irtenbidea gizartearen esku, euskal herritar ororen esku dagoela adierazi nahi dugu. Espainiako eta Frantziako gobernuen borondate onaren zain gelditzen bagara, atzeraka joango gara. Gerla bahituoi dagokigunez azken erabakia beti haien esku egongo bada ere, euskal gizarteak lortuko du borrokaren bidez gure Euskal Herriratzea eta kaleratzea ezinbesteko bihurtzea.

      Borrokaren bidez soilik lortuko ditugu gure helburuak. Aski presio eta kalte eragiten bazaie Espainiako eta Frantziako gobernuei etsi egin beharko dute beren jarrera krudel eta antzuan. Hedatu nahi duten etsipenaren aurrean tinko agertuz gure eskubideak errespetaraztea lortuko dugula adierazi nahi dugu, borroka eginez egiten direla lorgarri.

      Euskal presoon alde indar metaketa handia izan da, eta salerosketa eta txantaia politikorako panpina izatea gabe, agente aktiboak izan nahi dugu etsaiari presio egiteko, Euskal Herriak emandako hitza errespeta dezaten, gure eskubideak errespeta ditzaten eta Euskal Herriko prozesuan gure alea jartzeko.

      Horrelako borrokaldi baten aukera askotan izan dugu Kolektiboaren barne-eztabaidetan, bere gogortasunagatik beti saihesten saiatu izan bagara ere. Entzun dugu horrelako borrokak egoera estremotan bakarrik egin behar direla. Espetxeetan egoera estremoa aspaldi gainditua da. Burkide eta senitarteko hilak dira horren lekuko garratz. Gure egoera estremoa ez dela pentsatzen duenak iraindu eta jasaten dugun zigorra baino min handiagoa eragiten digu. Bere sentsibilitate faltaz errespetua ere galdu digula erakusten du.

      • Noiz arte borrokaldi hau?

      Borrokaldia hasterakoan argi esan genuen norberaren ahalmenaren araberakoa izanen zela gose grebaren mugagabetasuna. Baina galdera baldin bada noiz arte iraunen duen borrokaldi berri honek, erantzuna beste galdera batez emango dugu: noiz arte euskal preso politikoon eskubideak onartu gabe, noiz arte Euskal Herriaren hitza errespetatu gabe. Hori baita Kolektiboko kideok gose greba mugagabearekin pausatzen dugun galdera. Okerrena litzateke euskal preso politikook noiz arte iraun dezakegun begira geratzea. Borroka honek ikusle gutxi eta ekintzaile asko behar baititu.

      • Zer balorazio egiten du Kolektiboak gaur egungo egoera politikoaz?

      Baikorra, gauden ziega zuloetatik nabaritzen da zenbat aurreratu den askapen borrokan, ikuspegi koiunturalistak alde batera utzita, hogei urteotako borrokaren ondoren egoera politikoa argitu eta heldutasunera eramatea lortu du ezker abertzaleak, Euskal Herriak bere eskubideak eskuratzeko aukera euskal herritarron esku dago, indar abertzale eta demokraten erabakitasunaren eta ausardiaren esku.

      • Zer aldatu zen ETAk 14 hilabetez mantendu su-eten garaian Espainia eta Frantziako kartzeletan?

      ETA erakundeak emandako meniak ez du aldaketa esanguratsurik ekarri espetxeetan. Egon diren azaleko aldaketak lehenagotik hasitako borrokaren fruitu dira. Eta beste kasu askotan bizibaldintzak gogortu egin dira, eta senitartekoenganako zigorrak ere gehitu. Gogoratu, halaber, 1998ko irailean ETAk iragarri su-etenaren aurretik ere, kartzela fronteari zehazki lotzen zitzaion beste menia bat eskaini zuela, 97ko azaroan, eta biek ere erantzun berbera jaso zutela.

      • Kolektiboa 96az geroztik borrokaldi etengabean ari da, zertan egin da aurrera ordutik hona?

      96az geroztik gaude borrokan etengabe, eta lehenago ere ezin konta ahala borrokaldi egin dugu. 96az geroztik, aldaketa nagusiena euskal gizartearen babes eta elkartasuna azaleratzea izan da, indarrak pilatzea eta dinamizatzea. Horren arabera etorri dira aldaketak. Aldiz, lortu ez duguna Espainiako eta Frantziako estatuaren porrot hori gauzatzea izan da, Espainiako eta Frantziako gobernuek presook erabili nahi izan gaituztelako euskal gizarteari, alderdi politikoei eta Euskal Herriaren eskubideak armaz defendatzen dituzten erakundeei txantaia egiteko, jarrera inmobilistan enrokatzeko eta irudi gogorra agertzeko.

      • Zertan gauzatzen da gizartearen babesa?

      Ezker abertzaleko kideen eta gure senitarteko eta lagunen babes soila genuen; gaur egun gizarte sail zabalen eta antolakunde eta instituzio askoren babes aitortua dugu. Norberak bere arrazoiak ditu babes hori ematerakoan, gizatasuna eta kalkulu politikoa ere barne direlarik.

      PNV, EA, IU, ELA eta besteren jarrera aldaketa da esanguratsuena. Ez dugu ahanzten Kolektiboaren aurkako estrategian urrats eta zigor handiena izan den sakabanaketaren diseinuan eta oniritzian parte hartu zutela. Are gehiago Kolektiboa apurtuz gero izan zitezkeen etekin politikoen zain egon izan dira, xaxatzaile lana burutu izan dute, damutzearen politikagintzan ezinbesteko pieza izan diren Azkarraga, Torrontegi adibide argi dira, edota Arzalluz bezalako jelkideen adierazpenak sakabanaketaren zilegitasuna aldarrikatuz. Horiek gainditutako garaiak direla pentsatu nahi dugu, eta gaur egun Kolektiboarekiko elkartasuna ez dagoela kalkulu politikoen menpe.

      Babes horren aitzakian batzuetan gure izaera anulatu nahi dela iruditzen zaigu. Gure gainean biktimismo eta humanismo faltsua egiten dute batzuek, eta horren atzetik presook eragile izatea ukatu nahi dutela dirudi, anulatu egin nahi gaituzte politikoki. Baina gu borroka politiko baten ondorioz gaude espetxean, eta hor egoteak ez du esan nahi pertsona ez garela eta are gutxiago iritzi eta ekinbide politikorik ez duten pertsonak garela. Kontrakoa, ozen aldarrikatu nahi dugu gure militantzia politikoa eta ez garela damutzen egindakoaz, are gutxiago Euskal Herriaren prozesua noraino iritsi den ikusita. Guk argi ikusten dugu borroka armaturik gabe ez ginatekeela sekula iritsiko gauden une politikora, berriro ere gatazkaren irtenbide zuzen baten ataka irekitzear dagoen une honetara. Eta zerbaitez harro bagaude horrexetaz da, gure militantzia politikoaz, gure borrokaz, gure erresistentziaz.

      Beraz, bi lorpen nagusi azpimarratuko genituzke: batetik Kolektiboak damuketaren eta sakabanaketaren batailak irabazi ditu, eta bestetik euskal presook euskal gizartearen babesa eskuratu dugu

      • 'Ibaeta', 'Batera' plataformak... Nola ikusten ditu Kolektiboak gizarte ekimenak?

      Aipatzen ari garen babes horren egituratze gisa. Presoon aldeko elkartasuna adierazi eta borroka alderdien arteko taktika eta estrategien eztabaidatik kanpo jartzeko modua da. Dena dela, iritzia ematea eta protesta egitea ondo dago. Gure ustez egin beharreko hausnarketa eraginkortasunarena da. Bideratzen diren protestaldi eta ekimen ugariez gain eraginkortasuna da lortu behar dena. Gezurra da Espainia eta Frantziaren esku dagoela sakabanaketarekin amaitzea, etsigarria da ideia hori. Lorpen hori euskal gizartearen esku dago eta bereziki presoon eskubideekin sentzibilizatuta dauden erkideen esku.

      • Zuen ustez zein urrats egin behar dira eraginkortasun hori lortzeko?

      Herritar eta antolakunde bakoitzari dagokio urrats hori erabakitzea. Guk ezinbestekoa ikusten dugu prozesu politiko hau aurrera ateratzeko gobernuei kaltea eragingo dieten urrats kualitatiboak egitea.

      • Euskal Presoak Euskal Herrira errebindikazioarekin batera Euskal Presoak kalera entzuten ari gara, Amnistiaren kontzeptua indartzen ari da...

      Presook gerra bahitutzat hartzen gaituzte eta txantaiarako erabiltzen gaituzte. Saiatzen dira borrokara biltzeko izan genituen arrazoiak alde batera utz ditzagun, eta gure egoera pertsonalaren konponketa bihurtzea helburu. Kaleratzea da preso orok kartzelan sartzen den lehen unetik duen ametsik maitatuena eta, esan behar da ere, betebehar nagusiena. Baina, norbera kaleratzearen prezioa barnean norberaren duintasuna uztea bada hori ez da irtenbidea izango.

      Zentzu berean, gatazka baten ondorioz gaude gu preso. Gatazka hori faltsuan ixten bada edota gu borrokara biltzeko izan ditugun arrazoiak ez badira gainditzen, gaurko asea eta biharko gosea izanen da; ziur dakigu berriro ere Espainia eta Frantziako kartzelak euskal herritarrez beteko direla.

      Euskal Herriko espetxeetara ekartzea lortzen dugunean ere espetxean izango gara, beraz, gure helburua gatazkaren konponketaren testuinguruan kaleratzea da.

      «Presoak Herrira!» ere gure borroka bide bat da, espetxeak eragiten duen eta sakabanaketa-urrutiratzeak zorrozten duen deserriratzea oztopatzea, gure herriarekin loturak mantentzea, bertako bizitzan parte hartzea. Hori dela eta, preso bakoitzak bere herriko elkarte eta ekimenekin lotura mantentzeaz gain kolektibo gisa ere Euskal Herriko gertakizun eta ekimenekin ere parte hartzeko modua bilatu dugu: borroka egunak direla, Maiatzaren 1a dela, Maiatzaren 21eko greba orokorra zela edo Aberri Egunean... bideratzen ditugu gure protestaldiak.

      • Gasteizko Legebiltzarrak presoen eskubideen aldeko akordioa onartu arren, erabakiak ez dira gauzatu, zer diozue honetaz?

      Dagozkigun eskubideen alde egindako urratsak begi onez ikusten ditugu, baina berriro ere agerian gelditu da Paris eta Madrilek 'oparitutako' erakundeen ezintasuna erabaki propioak garatu ahal izateko. 'Ezintasun' edo borondate falta hori gainditzeko bestelako urratsak noiz egingo dituzten zain gaude.

      • Agente aktibo izan nahi duzue. Nola gauzatzen da zuen parte-hartzea prozesu honetan?

      Geure euskal mititante potitiko izaerari preso izatea gehitzen zaio, eta guzti honek parte-hartze maila desberdinak dakarzkigu. Euskal herritar gisa eskubide osoa dugu gainerako herritarrekin batera Euskal Herrian abiatu den prozeso politikoan parte hartzeko. Prozesu potitikoaren demartxa demokratikoa izango bada herritar guztien parte-hartzea bermatua izan behar baitu, eta hori oztopa dezaketen interferentzia guziak ezabatuak.

      Militante politiko garen heinean, gure antolakundeetan egiten ditugu gure ekarpenak. Eta preso politiko bezala, kartzela frontetik egiten diogu aurre egunerokotasunean jasaten dugun zapalkuntzari.

      Honen harira, euskal preso politikoen Kolektiboak aldarrikapenak gogorarazi nahi ditugu: lehenik eta behin, euskal preso guztiak kalean izatea, euskal nazio eraikuntzan euskal gizarte osoarekin batera parte hartu ahal izateko eskubide osoa dugulako. Bien bitartean, gure giza eskubideak errespetatuak izan daitezen: Sakabanetarekin amaitu eta Euskal Herriko kartzeletara eraman gaitzatela; gure militantzia politikoak eskatzen duen heineko tratua eman diezagutela, preso politikoen estatusa aplikatuz; kartzelak edota bestelako arrazoiek eraginda gaixorik dauden burkideak kaleratuak izan daitezela; baldintzapeko askatasunaren epeak beteta dituzten burkideak kaleratuak izan daitezela; entrega eta estradizioen amaitzea eta Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea bermatzea. [Paragrafo hau GARAn agertzen da; ez, ordea, EUSKALDUNON EGUNKARIAn]

      • Egunerokotasunaren erdian kokaturik daude preso politikoak urte hasiera honetan, manifestaldiak eta greba orokorrerako deia ere hor daude; ze balorazio egiten duzue?

      Ziega zuloan sartuta, nahiz eta berriak berandu iritsi, bizirauteko arnasa dira presoon aldeko ekimenak. Ikusgarrienetik hasita xumeeneraino. Eskertzekoak dira bene- tan ekimen horiek guztiak.

      Orain ezker abertzaleak greba orokorrera deitu du, eta guk ere dei horrekin bat egiten dugu, presoon aldeko manifestaldi eta ekimen ororekin egiten dugun bezalaxe, eraginkortasuna lortu behar baita borrokan, testimonialismo hutsean aritu gabe. Euskal gizarteari, euskal herritar bakoitzari formalismo eta kalkulu politikoez gaindi greba orokorrarekin bat egiteko eskatzen diogu, Euskal Herriaren hitza errespetaraztea guztion esku baitago. Kolektiboko kideok, orain preso izanik gose greba mugagabean lehen kanpoan bezala, dena emateko prest baikaude Euskal Herriaren alde.



      Mintzakideekin biltzeko deia berriro agenteei

      PRESOEK Mintzakidetzaren zeregina izan dute hizpide, eta berriro agenteei harekin biltzeko deia egin diete. Halaber, mintzakidetzako kideen zerrenda ageri da.

      • Kolektiboaren mintzakidetza izendatu zenuten. Zer-nolako lana egin da gaur egun arte?

      Kolektiboaren historian zehar Espainiako eta Frantziako gobernuak sarritan saiatu dira Kolektiboarekin mintzatzen, edo horri zeharkako mezuak hela- razten. Hori dela eta, 96ko hastapenean Kolektiboak etenik gabeko borrokaldia abian jartzearekin batera bere mintzakidetzaren zati bat izendatu zuen; zati bat diogu, bestea Frantziako Estatuko kartzeletan dagoena berrikitan izendatu baita.

      Mintzakidetzaren zeregina Frantziako eta Espainiako gobernuekin kartzela alorreko gaiez negoziatzea da, eta horretarako sortu zen. Alta, euskal gizarteko eta nazioarteko agente potitiko, sozial eta instituzionalekin ere harremanak garatzeko saiaketak izan dira, kartzelan jasaten dugun zapalkuntzaren berri eman, gure errebindikazioak azaldu eta beren iritzi eta egitasmoen berri zuzenean jakiteko asmoz. Esan beharrean gaude, ordea, antolakunde hauetako askok Kolektiboaren mintzakideekin biltzeko gonbidapena jaso arren ez dutela indar gehiegirik egin bilera horiek gauzatzeko. Frantziako eta Espainiako gobernuek ezartzen dizkieten oztopoei aurre egiteko ausardia eta borondate falta nabaritzen dugu. Ez diegu salaketa publiko txikienik ere entzun. Bide batez aprobetxatu nahi dugu aukera hau, Mintzakidetzarekin bildu daitezen eskaera egiteko.

      Aurkibidea home